XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irresponsable hitza modan dago euskal politikan.

Eta hilabete batzutan, eta arrazoin berberengatik, bi aldiz irakurria dut ene kontra.

Lehenengoan 225 irresponsable ginen; gutxi, beraz.

Eta responsableak, geroztik, kamaleoi trebe, irresponsableen artean agertzen zaizkigu.

Oraingoan okerragoa izan bide da: ia-ia berrehun mila irresponsable aurkitu ditu Marcos Vizcayak.

Egia esan, eta edozein gauza egiten hasi baino lehenago, onuragarria izaten da, gurekin nahasirik, zenbat txoriburu eta zenbat txoropalda ote dagoen zehazki jakitea.

Ni neu ere zifra baten atzetik ari nintzen: eta orain badakit.

Eureka! Marcos Vizcayak esan duenez, Herri Batasunaren aldeko botoak, comportamientos irresponsables delakoen ondorio baizik ez dira.

Betiko miraria, bestalde, berriz ere: abertzale zuhurrak ikusterakoan, iritzi berberekoak agertzen baitira (eta hitzez hitz irizkide agertu, gainera), R. Lerchundi komunista eta Olarra kapitalista (ikus DEIA, 3-III-79).

Azterbide erabil-erraza eman digu oraingoan Marcos Vizcayak Euskadi-ko txoriburuen kopurua karkulatzeko:
Nafarroan 22.682 txoriburu
Gipuzkoan 57.731
Bizkaian 79.298
Araban 11.605
Guztira: 171.316 irresponsable Hego-Euskadin.

Ez baita hutsaren hurrena!....

Horra hor, beti M. Vizcaya mintzo, la opción que no propone ninguna solución real a nuestros problemas.

M. Vizcaya-rena ezagutzen dugu, ordea: aparta!.

Baina hori berori ere ez bide zaio M. Vizcaya-ri guztiz egia iruditzen: eta ohar ezin mamitsuago hau erasten du Herri Batasunaren asmo izkutuei buruz: (H.B. ha ocultado) sus tendencias hacia un modelo de Estado de corte soviético.

Eta iritzi horri buruz ere (hau miraria) oihartzun ozenak aurkitu ditu batera Sanromá super-ezkertarrarengan eta PNV-barruan mogitzen den Goiz Argi taldean.

Eta horrelako txorakeriak irakurrita, galdera hau egiten diot nik M. Vizcaya-ri: ¿Nor da hemen irresponsablea?.

Baina xehatu egingo dut neure galdera: 1/ Uste duzu zuk Telesforo Monzón un modelo de Estado de corte soviético baten atzetik ari denik?.

2/ Ezezkoan, uste duzu zuk Telesforo Monzón tonto alaena denik, eta erabat zozotua denik?.

Erantzun, arren.

3/ Uste duzu zuk Castellsek.

Solabarriak eta Ortzik berak, Estado de corte soviético baten eraikintzan ari direnik?.

4 / Uste duzu zuk Jose Ramón Etxeberria, Santi Brouard, Jose Luis Elkoro, Patxi Zabaleta, Jokin Gorostidi, Juan Jose Etxabe, Itziar Aizpuru, Jose Antonio Urbiolak eta abar, eta abar, eta nik neuk ere, gure bihotz ondoan Euskadi askatua eta sozialista ez, baina Brexnefen eredua eta super-burokrazia ditugula eredu izkututzat?.

5/ Uste duzu zuk Sorian lehengoan beren zainak ireki eta zerien odol ahulaz gartzelako murruetan Gora Euskadi idatzi zuten aberkide miresgarri horiek, gutaz trufatzen, eta Brexnef eta psikiatrikoak besterik ez daramatela beren bihotzetan?.

6/ Uste duzu zuk, halere, horiek guztiak eta botoa H. B.-aren alde eman dugun 171.316 abertzaleok, txorimaloak besterik ez garela: eta fazistek masoneriaren mamua erabiltzen zuten bezalaxe, zuk orain modelo soviético hori erabiliz inor engainatuko duzunik?.

Kemenik baldin baduzu, erantzun ezazu herriaren aurrean.

Baina ez duzu egingo.

Zu, eta zure kastakoak, hain zuzen, herri honetan sortu diren, irresponsableetan irresponsableenak baitzarete.

Berrogei urte PSOE aldatua omen zela-ta, euskal ezker abertzaleari ahal izan dituzuen OZTOPO guztiak jarri eta jartzen dizkiozuelako.

Berrogei urtez Gobierno Vasco delakoan, eta orain dela urtebetez geroztik berriro, Nafarroa gabe behin eta berriz abiatzeko eta jokatzeko gertu zaudetelako.

Madrillen ezertxo ere lortu gabe (ez 1978-an, eta ez 1936-an ere), grisen artetik eta uso zuriak eskuetan gaurko gudarien kontra paseatzeko lotsarik izan ez duzuelako.

Iparraldean, hemendik ihesi zihoazen gudari abertzaleak laguntzekotan Monzon-ek sortutako Anai Artea elkartean, sekula parte hartu nahi izan ez duzuelako.

Arana-Goiri-ren izenean Askatasunari eta Autodeterminazioari berari ez esan diozuelako: gaurko Estatuaren unidad indisoluble txalotzen zenutelarik.

Frantziako gobernuarekin omen zenituzten harreman onak ez hondatzekotan, Iparraldeko gure aberkideak behin eta berriz eta mila bider zapuztu eta abandonatu dituzuelako.

Zuen Alderdiak aspaldi honetan eman duen gizonik ospetsuena, nazkatu, mespretxatu, bota; eta, bota ondoren ere, maiseatu, zikindu, gartzelan usteltzen utzi, eta gizon eta burkide gisa merezi zuen hitzik ere esan gabe, hiltzen utzi duzuelako.

Ez zaitut zu ezagutzen, Vizcaya jauna.

Baina zure kastakoak ongi ezagutzen ditut.

Hots, nik ezagutu zaituztedanez geroztik, Euskadi-ren soluzioa manaren antzera etorriko delakoan, nunbait, desmobilizazioa besterik ezer-ez duzue proposatu eta proposatzen.

Eta hauxe bai saldukeria!.

Zu, Vizcaya jauna, eta zure kastakoak: zerok zarete hemen eta aspaldidanik irresponsable bakarrak.

Eta herronka jotzen hasi zarenez gero, hona hemen zeuen zozokeriez eta errakuntzez leporaino dagoen honen erantzuna.

Gezurrak eta ipuiak salatzeko mementoa etorri delako.

TXILLARDEGI.